XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IHARDUERA PROGRAMA - DBHko I. ZIKLOA

7-b. iharduera. URA IZENEKO ALTXORRA

Zer moduz zuen bidaia? Gu ere ibili gara munduan zehar eta herrialde, arraza eta kultura desberdinetako lagunak egin ditugu. Beraiekin solasean aritu gara eta lagun hauetako askok arazo komuna zutela jakin dugu. Irakur ezazue esan zigutena:

NBUTU. 10 urte. Sudanen bizi da

Egunero bi aldiz putzuetara joaten naiz, goizez behin eta arratsaldez beste behin. Bi ordu behar ditut joateko eta beste bi itzultzeko. Ur hau nire gurasoentzat, amonarentzat, niretzat eta bost anai-arrebentzat da. Ura, 15 litro hartzen dituen ontzi batean eramaten dut, buru gainean. Edateko eta janaria prestatzeko erabiltzen dugu ura. Gure herrixkan putzuren bat izango bagenu, agian eskolara itzultzerik izango nuke.

Bete ezazue ontzi bat 15 litro urez eta saia zaitezte buru gainean eramaten. Zer moduz?

ERNESTO. 12 urte. Honduraseko herri txiki batean bizi da.

Eguna argitu aurretik esnatzen naiz. Arropak jantzi eta ur bila abiatzen naiz mendira, gure herrixkatik hurbilen dagoen errekastoa mendian baitago. Egunean zehar zazpi aldiz egiten dut bide berbera. Oso nekeza da bidea estaltzen duen sasitzaren artean ibiltzea. Gaixotasun asko eta asko uraren bidez kutsatzen direla ikasi dugu eskolan eta horrexegatik, sarritan galdetzen diot neure buruari, nire sendiari eramaten diodan ura edangarria ote den.

Inoiz ibili al zarete mendian erabat egarriturik, iturriren baten bila? Zer sentitu duzue?

AMALA. Indian bizi da, Tamil Nadu eskualdetik mendebaldera.

Berak erakutsi zigun zeinen dibertigarria den ura ponpatzea.

Batzuetan, ea ura nork lehenago atera borrokatzen gara. Atzo ni izan nintzen lehena eta gaur, berriz, nire laguna izan da. Duela denbora gutxi arte, behiak ura edatera hurbiltzen ziren istil batera joaten ginen ura hartzera. Baina ponpaketa sistema hau dugunetik, herrian ume gutxiago hiltzen da. Amak esaten duenez, Rudra, nire anaia txikia, aurrera aterako da".

Ba al dakizu zergatik esaten zuen hori Amalaren amak? Bada, Ernestok zioen bezala, hainbat gaixotasun kutsatuta edo zikina dagoen uraren bidez kutsatzen direlako. Malaria, kolera, eskistosomiasia. beherako... Azken honek bakarrik, urtero 6.000.000 haur hiltzen ditu.